martes, marzo 19, 2024
InicioalbisteakMadeleine Cabidoche

Madeleine Cabidoche

Bere estiloan, zalaparta handirik gabe joan zaigu Madeleine Guillemet, bere senar Michel Cabidocheren abizenez ezagunagoa. Azken honen eskutik sartu zen estrainekotz kobazulo batean, eta bioespeleologian.  Sartu eta atera ez: bizitza osoan lotura estua mantendu baitzuen Larrarekin, Zuberoarekin eta espeleologo gazteekin, bere Santa Graziko etxea (Arrakoetxea) haien base nagusia bihurtzeraino.

1958. Michel Cabidoche, Albert Vandel (Mouliseko laborategiko zuzendaria), Madeleine. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa.
1958. Michel Cabidoche, Albert Vandel (Mouliseko laborategiko zuzendaria), Madeleine. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa.

Parisen 1930ean jaioa, 4 urterekin Tarbera mugitu zen eta hor geratuko zen bizi osorako. Ogibidez kimika irakaslea, eta lanetik aparte mendian eta eskian aritzen zen; hor ezagutu zuen Michel Cabidoche, eta 1953tik aurrera espeleologian murgildu zen.  Lehen urteetan Bigorre eta Ariege inguruan aritu ziren, batez ere lagin biologikoak jasotzen Mouliseko CNRS laborategiarentzat. Madeleine 1957ko urrian etorri zen Euskal Herrira lehenengotz: Arphidiako tunel amaitu gabean agertutako kobazuloaren esplorazioan  parte hartu zuen, baita bertan espezie berriak aurkitu ere: Aphoenops cabidochei eta Aphoenops eskualduna (Coiffaitek 1959an izendatuak). Mouliseko laborategiaren zaindaria Michel Bouillon espeleologo ozazetarra zen, eta haren laguntzaz Arbailako haitzuloetara sarri etortzen hasi ziren (Koxkarte/Bijou, Cercle Magique, Otsibar, Garaibie…). Tunelak La Verna zulatu zuenean, Cabidoche senar-emazteak Henri Brosseten espedizioaren partaideak izan ziren, eta gela erraldoiaren lehen argazkiak atera zituzten.

Arphidia, 1958ko urria. Egilea: Pierre Boucher. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa.
Arphidia, 1958ko urria. Egilea: Pierre Boucher. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa.

1961en Michel Cabidochek ikerketa-lerro berritzailea abiatu zuen, Madeleinek lagunduta: La Vernan bost estazio biologiko kokatu zituzten, Aphoenopsen urte osoko zikloa aztertzeko. Hilean behin edo birritan Tarbetik etortzen ziren datuak jasotzera, eta azkenean Santa Grazin etxea hartu zuten. Esperientzia lau urtez luzatu zen, CNRS-aren zuzendaritzapean: La Vernan 600 ordu baino gehiago pasatu zituzten; lehendik 5 espezie ezagutzen ziren eta amaieran 26 katalogatuak zituzten; eta Aphoenopsak ikertzeko in situ eginiko lehen lana izan zen.

1961ko abendua. GHSP taldearen sorrerako bilera. Ezkerretik hasita: Madeleine, Max Cosyns, Michel Cabidoche, X, André Cosyns. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa
1961ko abendua. GHSP taldearen sorrerako bilera. Ezkerretik hasita: Madeleine, Max Cosyns, Michel Cabidoche, X, André Cosyns. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa

Gazte taldeen dinamizatzaile ere aritua zen, eta honek espeleologo gazte asko erakartzeko balio izan zion: Groupe Spéléo Hautes Pyrénées  (GSHP) sortu zuten 1961ean, ez bakarrik gazteekin; urte askotan bakarrik ibili ostean, Max Cosyns aintzindaria ere taldera bildu baitzen. Haren gidaritzapean 1961tik 1963ra eginiko udako kanpalekuak antolatu zituzten, puntako esplorazioan hasiz: Heile mendia (Odita leizea eta beste), Kakuetako arroilako horma (Marcel Loubensen istripuaren gindaxarekin), Trou Souffleur de Larrandabürü (gerora Arrestelia sistema erraldoia bihurtuko zena), Trou Martin, Trou Perdu, Trou du Chien… GHSP-ren kanpalekuak Tarbe, Paube, Perigueux, Namur, Ivry, Montpellier, Gers eta beste leku askotako espeleologoen bilgunea izan ziren. Larran zebiltzaten beste talde nagusiekin (Rouen, Euskal Espeleologoen Elkargoa…) harremana ere bazuten; esplorazio hauetan zehar hidrografian ere aritu ziren baita, bistan da, lan bioespeleologikoan ere. Madeleine San Martin Harriko Sisteman izandako lehen erreskatearen antolakuntzan izan zen, eta geroko hainbat istriputan ere Kontrol Postua Cabidochetarren etxean ezarri zen.

La Verna tunelaren sarrera, 1965. GSHP eta GSSE taldekoak: “J. Tirard, E. Alex, G. Dronde, L. Dronde, O. Bidalur, M. Cabidoche, D. Prébende, Bédécaratz et ses enfants, J. Curutchague, A. Elichalt”. Behean, ezkerrean, Madeleine.
La Verna tunelaren sarrera, 1965. GSHP eta GSSE taldekoak: “J. Tirard, E. Alex, G. Dronde, L. Dronde, O. Bidalur, M. Cabidoche, D. Prébende, Bédécaratz et ses enfants, J. Curutchague, A. Elichalt”. Behean, ezkerrean, Madeleine.

Santagraztarrekin harremana estutu ahala, herriko jendeak ere prospekzioetan eta lagundu zien: Casenave, Privat, Eiherabarren, Lascoumes, Lapiere… eta Dominique Prebende, hurrengo urteetan denen artean nabarmenduko zena. Hain zuzen ere, Prebendek jeitsitako lehen leizea “Achama Lezia” Madeleineren omenez izendatu zuen (Madeleinek aurkitua zelako, eta Dominiquerentzat hura hazama edo inude espeleologikoa zelako). Denon artean 1965ean Groupe Spéléo de Sainte-Engrâce (GSSE) sortu zuten, bizitza laburrekoa : 25-30 lagun bazeuden ere, asko baserritarrak ziren eta nekez ateratzen zuten esploraziorako denbora.

Madeleine eta Dominique Prebende lagun minak, 2001ean. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa.
Madeleine eta Dominique Prebende lagun minak, 2001ean. Iturria: Madeleine Cabidocheren artxiboa.

Jendea joan, jendea etorri, jarraitzen zuten espeleologoek elkartzeko joera zuten: 1965ean Madeleinek eta senarrak Vianako Printzea Erakundekoekin parte hartu zuten Idopil-Orbaizetako Leze Handiaren esplorazioan (1909an Edouard Martelen taldeak hasitakoa). 1965rekin, Yves-Marie semearekin eta GSSE-ko Dominique Prebenderekin batera, Erusoko hobia aurkitu eta esploratzen hasi ziren (1994n Arresteliako sistemarekin bat egingo zuena). 1966an, ARSIP sortu zen, besteak beste Cabidochetarrek eginiko « sukalde lanari » esker (lehiakide zirenak elkarrekin lan egiteko konbentzituz); bestalde, Madeleinek Arphidiako esplorazioetan ere parte hartu zuen hainbat taldetako lagunekin (GSSE, Rouen, Aranzadi, Bordele, Paris…), Accoce gelatik aurrera jarraipena aurkitu zutenean.

Santa Grazi 1966-VII-23. Eskaileraburuan, Michel eta Madeleine Cabidoche. Haien azpian: Sautereau, Arkaute, Yves-Marie Cabidoche, Gomez, Santesteban, Lichau. Egilea: J. Maria Feliu Dord.
Santa Grazi 1966-VII-23. Eskaileraburuan, Michel eta Madeleine Cabidoche. Haien azpian: Sautereau, Arkaute, Yves-Marie Cabidoche, Gomez, Santesteban, Lichau. Egilea: J. Maria Feliu Dord.

70. hamarkada hasieran, Madeleine eta Michel Cabidoche jada guraso helduak ziren; GSHPko gazteekin jarraitzen zuten halere, Ligoleta inguruko esplorazio eremu berrietan; gazte haien artean zeuden gaur ARSIP-eko kide beterano direnak. 1976ean, Dominique Prebende lagun mina Junes Casenaveren “Santa Grazi” pastoralean aritu zenean, Cabidochetarren argazkietako batzuk liburuxkarako erabili ziren.

2015ko iraila. Madeleine Arrakoetxian (Urdatx / Santa Grazi), espeleologoen artean.
2015ko iraila. Madeleine Arrakoetxian (Urdatx / Santa Grazi), espeleologoen artean.

Michel senarra 1979an hil zitzaion, 50 urterekin ; halere Madeleinek espeleologoekiko harreman estua izaten jarraitu du bizitza osoan: bileretara joaten, iritzia ematen, artikuluak idazten, blogak irakurtzen… Arrakoetxea GSHP-ko utzia zuen, etxea zaintzearen truke; beti esan izan baitu berarentzat oso garrantzitsua zela gaurko espeleologoak beraiek gaztetan hasitako esplorazioekin jarraitzea. Horixe izan bedi Madeleinerentzat omenaldia!

Besarkada handia senideei eta GSHP-koei, Euskal Espeleologoen Elkargoko lagunen partez.

UEV-EEE
UEV-EEE
Unión de Espeleólogos Vascos Euskal Espeleologoen Elkargoa
RELATED ARTICLES

DEJA UNA RESPUESTA

Por favor ingrese su comentario!
Por favor ingrese su nombre aquí

- Advertisment -
Google search engine

Most Popular

Recent Comments

Simone Sambento - Grampian Speleological Group on Convocatoria para la limpieza de Jornos II (retirada de la plataforma de 1971)
Satorrak on Arbil V / Sustraixa
KOLDO SANSINENEA RODRIGUEZ on Galdameseko istripua
Koldo Los Arcos on Karaitza 24 (2016)
Koldo Los Arcos (Satorrak) on “Guk ez genuen ia ezer egin eta!”