“Guk ez genuen ia ezer egin eta!”

1
6943
GEAC-eko taldekideak. Ezkerretik eskuinera: Alvarez, Lucio Solaguren, Juanjo, Inazio Espinosa, Benito Zumalde.

Azkenaldian, ADES Elkartean 1950-1970 arteko Euskal Herriko espeleologiaren loraldiaren protagonistak elkarrizketatzen ari gara; izenburuko hitz horiek sarri entzun ditugu. Ordura arte espeleologia eliteen aktibitatea izan bazen ere, ordutik aurrerako jende gehiena arrunta zen, kaletar normala: jende oso gaztea, ikasleak… Lan munduan hasten zirenean (eta batez ere ezkondu ostean) kobazuloen mundua laga behar izaten zuten, familia aurrera ateratzeko.

Horrela izan zen Inazio Espinosaren kasua ere. Espeleologian 3-4 urte baino ez zen aritu, eta bere bizitzaren zatirik handiena beste gauzetan eman ditu; gaur egun, batez ere euskalgintzan edo pilota munduan eginiko ibilbidearengatik ezagutzen du jendeak. Elkarrizketa eskatu diogunean, urte haiek memoriara ekartzeko esfortzua egin behar izan du; eta, jakina, orduko espeleologo gehienak esandakoa errepikatu digu: “Guk ez genuen ia ezer egin eta!”. Horrelakoa da, baina, Euskal Herriko espeleologiaren historia: lan txikiz osatutako puzzle handia. Eta, jarraian ikusiko duzuen modura, GEAC-ekoen zeregin diskretua ez zen alferrikoa izan.

Alegria Club diru gutxiko gazteek sortutako taldea zen, 1961ean, diktadurako Zorrontza grisari kolore pixka bat emateko gogotsu. Sail desberdinen artean espeleologiakoa ere sortu zen (GEAC), 6-7 bat lagunez osatua, eta egoitza xelebrea hartu zuten: elizako kanpandorrea. Indar gehienak Aramotz mendizerrako prospekziora bideratu zituzten. Taldearen koordinazioa Inaziok berak zeraman, eta bere kezka nagusia gazte gogotsu haien indarra norabide egokian bideratzea izan zen; 1964ra arte iraun zuten, taldearen zati handi bat borroka armatuan hasi zen arte; baina hori beste historia bat da…

Urte haietan, GEAC-ekoek kobazuloetan aztarnategi arkeologikoak identifikatzen ikasi zuten; horrelakoetan, GEV taldearen bitartez Bizkaiko Foru Aldundiari jakinarazten zieten. Arlanpeko koban aztarnategia aurkitu zutenean ere, beti bezala jokatu zuten: kalikata txikia egin zuten, eta bertan zenbait tresna litiko eta zeramiko aurkitu zituzten. Kide batzuk, urduri, lur guztia atxurtzen hasteko gogoa izan zuten; baina Inaziok zuloa berriro estaltzeko agindu zien; ez zuten beste ezer ukitu. Ohiko prozedura jarraituz, aztarnategiaren berri eman zuten; kasu honetan Jose Miguel Barandiaranenganaino ailegatu ziren, bertan aurkitutako tresnak erakusteko.

Barandiaranek tresnetako bati Behe Paleolitoko trazak hartu bazizkion ere, ez zion aparteko garrantzirik eman. Aurkikuntza katalogatu zen, eta denbora askoan hor egon zen, beste hainbat aztarnategirekin batera, nork industuko zain.

Pasatu ziren urteak (eta haiekin diktadoreak, gobernu buruak, Foru Aldundiko buruzagiak, politikoak, funtzionarioak…). Handik urte askotara, 2006ean, arkeologo gazte talde batek erreferentzia honi heldu zion. Izan ere, ordurako gauzak aldatuak zeuden: Lezetxikik eta Axlorrek Behe Paleolitoko aztarnategiei buruzko interesa berpiztua baitzuten. Joseba Rios-Garaizarrek bere blogean ongi kontatzen du kanpaina “epiko” haren gorabeherak, Arlanpeko Dama famatuaren aurkikuntza barne.

Istorio honetatik gaur nabarmendu nahiko nukeena zera da: Arlanpeko indusketa arrakastatsu hori, zati handi batean, GEAC-eko gazte haien diskrezioari esker izan zela. Lurra mugitzeko tentaldiari eutsiz, ez zuten ezer ukitu eta ez zioten inori ezer esan, Foru Aldundiko arduradunei izan ezik. Honek ahalbidetu zuen, 56 urte geroago, Kantabria Itsasoko aztarnategirik garrantzitsuenetakoa bertan aurkitzea.

Oharrak:

  • Pertsona batzuei kostatzen zaie ulertzea zergatik ez diren egin behar indusketa furtiboak. Historia honek arrazoia argi eta garbi erakusten du.
  • Milesker Joseba Rios-Garaizarri, Inazioren kontaktua emateagatik.

1 Comentario

Dejar respuesta