Duela aste batzu zendu da Mario Bregaña Garcia, 1950 hamarkadan Nafarroako esplorazioetan aritutako kidea. Donostian 1932an jaioa, bere ibilbide espeleologikoa Gipuzkoan hasi zuen 1949 inguruan, Aitzbitarte, Zumaia, Mendaro inguruko kobazuloetako ibilaldiak eskaladarekin tartekatuz. Madrilera joan zen gero, ikastera, eta han ere bere espeleo-kurrikulumari itu xelebre bi ezarri zizkion: batetik Zaragozako gazte talde bati espeleo teknikak inkognitoan erakutsi zizkien (gazteak Falangekoak ziren, eta Mario abertzalea); eta bestetik, Adolfo Erasori sudurra hautsi zion (Mario boxeolaria zen, eta Fito beti etortzen zitzaion boxeoan erakusteko eskatzera). Euskal Herrira bueltan, bere familia –jatorri nafarrekoa- Zuriainen kokatu zen eta beraz 1952tik aurrera IPV-eko kideekin aritu zen. 1955 urtea garrantzitsua izan zen Bregañarendako: batetik, Ormazarretako esplorazio luzean, azkenean hondoko sifoia jo zuen taldean zegoen; bestetik, Larrako kanpainan Mariok berak “H leize” famatua aurkitu zuen, hara jeisteko lanetan ere partehartuz. 1956ko I Euskal Espeleologia Jardunaldi historikoetan hizlarien artean aurkitzen zen, esplorazio materialari buruz jarduten. IPV-k antolatutako 1960ko V Jardunaldietan ere izan zen, jakina, Larran ospatu zirenak; antolakuntzan eta logistikan aritzeaz gain, bera Contienda de Arlaseko kanpalekuaren arduraduna izan zen, Etxaleku leizea esploratu zuena alegia. Bere ibilbidetik nabarmendu ditugun puntu hauetaz gain, espeleourpekari bezela ere aritu zen (Basakaitz), baita Urbasako hainbat esplorazioetan ere. Duela 3 urte berarekin izan ginenean, Karaitzaren alea eman genion eta esploratzaile sena piztu zitzaion berriz: “Ai, zuekin joan ahal izango banintz!”. Bada, seguru gaude berarendako omenaldi onena albiste hau dela: Ormazarreta eta H leizearen esplorazioak berrabiatu direla. Katea ez da eten!